Adin desberdinekoak nahastea. Ziklo osoko programa


Amara Berri Sistemaren ezaugarri metodologikoa da, eta hezkuntza-asmotik abiatzen da.
Aniztasunaren esparrua zabaltzen duen elementua da hau ere, sexu, adin, kultura eta
beste hainbatekin batera.

Aniztasunetik abiatuta sortzen den konparaketan jabetzen gara banakotasunaz.

Aniztasunaren esparrua zabaltze horrek bere lekua aurkitzen eta autokontzeptua egokitzen laguntzen dio gizabanakoari, beste pertsonekiko
kontrastearen arabera.

 

Indibidualizazio-printzipioa interakzio sozialaren esparrua da, ezinbestean aplikatu beharrekoa
eta, maila-kontzeptuaz haratago, ziklo osoko programekin lan egitea ahalbidetzen duena.

Ikasle bakoitzak bere mailan lan egiten du.  Horretarako programa irekia behar da: aurrerapauso handiagoak emateko gai dena ez da geldiarazten
adina dela-eta, eta zailtasunak baditu ere, bere erritmoan egingo du aurrera.

Programa gauzatzeko denbora luzeagoa da (bi urte), eta prozesuan banakako esku-hartzea egitea ahalbidetzen du, analisi, egoera eta
estrategiei berriro heltzeko asti luzeagoaz.

Irakasleak hobeto bana ditzake banakako arretaren denborak; izan ere, nolabaiteko autonomia-maila duten ikasleak gai dira, batetik, laguntza noiz eskatu behar duten bereizteko eta, bestetik, behar duenari laguntzeko.

Talde erdiak badaki testuinguruek nola funtzionatzen duten, badute nolabaiteko autonomiamaila eta lagun diezaiekete departamentuan sartu berri diren ikasleei.

Erreferentziak ematen dizkie ikasleei (batzuek urtebete daramate departamentuan eta beste batzuk hasiberriak dira). Ikaslerik gazteenek
zaharragoengandik hartzen dituzte zer lor dezaketen jakiteko arrastoak: jarduerari eta lan egiteko moduari dagozkionak; erabiltzen dituzten
estrategia, ikaskuntza-estilo eta erlazionatzeko moduei buruzko erreferentziak; interesei, laguntzari eta abarri buruzko erreferentziak.

Ikasle zaharrago horien bidez, ziklo osoko programa zein den sumatzen dute. Ikasle zaharrenak ere emandako aurrerapausoez jabetzen dira, euren burua ikasle gazteenekin alderatuta. Ikasleei eta irakasleei segurtasuna eta lasaitasuna ematen die bi urtean ziklo berean egoteak.

Ikasle gazteenek, euren jakinezetik abiatuta, galderak egiten dizkiete zaharrenei, eta azken horiek “irakasle” rola bete dezakete, ikaskide horiei lagunduz, are hizkuntza hurbilagoa erabiliz, gainera. Galdera horiei erantzunez, gainera, euren ideiak berregituratu eta ezagutzak finka ditzakete.

 

Talde-dinamikak etengabe garatzea sustatzen du, eta talde-dinamikak norberaren eta taldearen garapenerako hezkuntza-esparru dira.

Ikasturtearen hasieran eta normalizazio-aldian, adin desberdinekoak nahasteak zorabiatu xamar uzten ditu bai irakasleak bai ikasleak. Taldea finkaturik eta dinamikak eginda dauden une horretan, berriro hutsetik hasi behar dute. Irakasleek sufritu egiten dute, baina balorazio positiboa egiten dute, sarritan talde-dinamikek dakarten horretan hezteko esparrurik egokiena delakoan baitaude.

Lagun berriak egiteko, liderrak aldatzeko eta aurreko klixe edo estereotipoak aldatzeko unea da. Gehiegi harrotzen diren pertsonak berriro kokatzen dira talde berrian, eta onartuak sentitzen ez zirenek ere, ikustezin zirenek ere, beren lekua egin dezakete.

Pertsona bakoitzari adinaren arabera rol desberdinak izatea ahalbidetzen dio: urte batean txikienak dira, hurrengoan zaharrenak, eta hurrengoan, berriro ere, txikienak.

Apurtu egiten ditu batzuetan harremanetan sortzen diren mendekotasunak.

Irekitzeko, erlazionatzeko eta talde itxiez haratago joateko gaitasuna indartzen du, edozein pertsona edo talderekin lan egiten ikasiz, lan harreman hori eta laguntasuna bereiziz.