Sozializazioa


Izaki sozial izatera eta hala jokatzera (eta ez taldearen menpeko, indibidualista, menderatzaile, parasito eta abarren moduan) garamatzan ikuskera da.

 

Sozializazioak elkarrekintza dakar:


Elkarrekintza besteekin jardutea da. Eman eta jasotzea. Elkarrekin sortzea.

 

Nahita sortu dugun antolamendu-egiturak ikasleei elkarreragitea ahalbidetzen die, askotariko testuinguru eta taldekatzeen bidez, eta, horrela, talde-lanaren balioa bizi, garatu eta ezagutuko dute. Egitura hori norberaren lana jarrera irekiarekin ematean datza, beste pertsona batek hobeto egin dezakeela onartzen ikasiz. Beste pertsonen ekarkortasuna jasotzen eta ezagutzen jakitea da. Edonorekin lan egiten ikastea.
Zailtasunei aurre egitea, norberak taldean duen egitekoa aurkitzea, etab. Ekarkortasuna esan dut, eta uste dut ez dela existitzen hitz hori; ez dut esan nahi norbaitek egiten duen ekarpena, zerbait gehiago da. Horretan utziko dut, hizkuntza bizia delako, eta hala lan gehiago emango diogu Euskaltzaindiari. Gauza bera gertatzen da irakasleokin, printzipio horrek gidatzen bagaitu. Antolamendu-egiturak askotariko testuinguruak ematen dizkigu guri ere: paralelo, sektore, ziklo, mintegi eta abarretako bilerak. Horietan ikasi dugu aztertu, planifikatu, bilakaera zaindu eta esku hartzeko elkarrekintza eta talde-lana ezinbestekoak direla, hezkuntza-koherentzia lortu nahi bada. Gure artean egitea ikasleekin egitea proposatzen duguna: norberaren lana jarrera irekiarekin ematea, besteena hartzea, edonorekin lan egiten jakitea, desadostasunak gainditzen jakitea, elkarrekin sortzea, laguntza eman eta jasotzea. Hori guztia gure lanbidean dugun gaitasuna berrestea da. Nire ustez, horrela baizik ezin da lortu indar morala, ondoren ikasleei horrelako jarrerak gara ditzaten eskatu ahal izateko.

 

Emozioak azaleratzen laguntzen du:

 

Harreman sozialetarako bizi-testuinguruak sortzen ditugu, ondo dakigu-eta horietan gogo-aldarteak azaleratzen direla, zentzumenek edo ideiek eraginda. Emozio horiek guztiak –atsegin ditugunak eta atsegin ez ditugunak– azaleratzen uztea eta gure burua ezagutzea eta onartzea heldutasuna lortzeko modu bat da.

 

Kontzeptu- eta jarrera-eskemak aldatzeko ezinbesteko baldintza da:

 

Printzipio horrek ez gelditzera garamatza, dakiguna jakintzat ez ematera. Aurrerabidean jartzen gaitu, etengabe aldatzen eta garatzen ari den aurrerabidean.

 

Sozializazioa-elkarrekintza, gizabanakoaren eta taldearen nortasuna sortzen duen kontrastazioa:

 

Taldean identifikatzen gara eta talde garela ohartzen gara.