Normalizazioa


Testuingurua, departamentua eta eskola-esparru guztiak ezagutzera garamatzan printzipioa eta ikuspegia da normalizazioa, beti ere esparru horietan kokatzen jakiteko eta egoera kontrolatzeko. Ikasleei eta irakasleei zuzentzen zaie printzipio hori.

 

Normalizazioa esaten diogu, halaber, gauzak, burua, afektuak eta bizitza ordenatzeari.


Nire ustez, gure afektuetan, gure buruan, gauzetan eta bizitzan ordena izateak sosegatu egiten gaitu, zabaldu egiten du autoezagutza, askatu egiten gaitu, eta iraganaz pentsatzeko, oraina bizitzeko eta etorkizunaz gogoeta egiteko perspektiba ematen digu. Baina ordenaren estiloa eta beharra oso pertsonala da.

 

Printzipio hau ageriko errealitatearen barruan kokatzen dugu.

 

Ordenan, martxan jarri behar da ikastetxe osoa.

 

Printzipio hau etengabe aplikatzen dugu.

 

Urte osoko lana da, baina une batzuetan ahalegin berezia egin behar da: ikasturte hasieran, sektorez aldatzerakoan, ikasle-antolamenduan, irakasleen ordezkapenetan…

 

Pertsona guztiok normalizazio-prozesua behar dugu, ordena jartzeko eta geure burua ordenatzeko prozesua; geure burua kokatzeko eta egoera menderatzeko prozesua, egoerak mendera ez gaitzan. Baina  ikasturte hasiera da normalizazio-etapa nagusia.


Etapa horrek eskola-elkartea eta, batez ere, irakasle-taldea inplikatzen du, bakoitzak betetzen duen egitekotik abiatuta. Izan ere, irakasle-taldea da eskola-curriculumaren azken erantzulea.

 

Irakasleentzat, normalizazio-etapa hori, ikasturte bakoitzean eskolara iristen garen unean bertan hasten da. Areagotu egiten da ikastetxean ikaslerik gabe gauden egun horietan. Irakasleak antolatu egin behar dira, adskripzioaren bidez. Egiturak martxan jarri behar dira. Ordenan eta martxan jarri behar dira idazkaritza, eskola-jantokiak, autobusak, kirol-jarduerak. Ikasleen taldekatzeak berraztertu behar dira. Ikasleen etorrera eta harrera planifikatu behar dira, baita familiekin izan beharreko lehen elkarrizketak ere.

 

Irakasle bakoitzak, lehenik eta behin, bere aurretikoak prestatu behar ditu; nahi izate hori. Kontzientzia hartu, eta lehenengo fasea prest jarri behar du: espazioa, denbora,taldekatzeak, baliabideak. Dena behar  bezala dagoen eta ea lan-metodoak berritu egin behar diren (hondatu egin direlako) ikusi behar du. Kokatzea da: ni departamentuan, ni testuinguru bakoitzean.

 

Bigarren fasearen gaineko ideiak ordenatu egin behar ditu. Edukiak, helburuak eta muinak ezagutu behar ditu, eta eskura izan behar ditu testuinguru bakoitzean bilakaera zaintzeko argibideak. Banaka edo paralelo esaten diogun mintegiaren sektore horrekin egiten da ibilbide hori. Departamentu berean baina beste ikasle batzuekin lan egiten duten irakasleek osatzen dute paraleloa.

 

Hirugarren fasea ere ordenatu behar dute irakasleek: ikasle bakoitzaren historiala ezagutu behar dute, harrera afektibo hori eratzeko eta esku-hartzea bideratzeko. Mentalizatu eta egunean-egunean hezkuntza-proiektua eta helburu orokorrak gehiago ezagutu eta barneratu behar ditu; hala, aurretikoak birkokatu ahl izango ditu, ikuskeratik abiatuta esku hartu ahal izateko.

 

Departamentuko karpeta oinarrizko elementua da, eta oso baliagarria irakasleek hori guztia lor dezaten. Ikuskerari eta funtzionamenduari dagozkien dokumentu giltzarriak biltzen dira bertan.

 

Dokumentu horiek baliagarri izan daitezke martxan jartzeko, sakontzeko eta sintesiikuspegia izateko.


Irakasleek curriculumaren elementu giltzarriez hartu duten kontzientziaren ikuspegitik, apurka-apurka ikasleek ere elementu horien eta ikaskuntzen aurretikoez kontzientzia har dezaten esku hartzea da normalizatzea.

 

Funtsezkoa da ikasleek hau senti dezaten: diren moduan onartzen ditugula. Une horretatik aurrera, normalizazioaren oinarrizko aldia hasten da, eta iraila ia-ia horretan bakarrik ematen dugu. Goizez lan egiten dugu. Behin betiko ordutegia prestatzen aritzen gara. Batzuetan, oraindik ere ikastetxeari esleitu ez zaion irakasleren bat falta izaten da. Dena ez dago erabat antolaturik. Gerta daiteke, esaterako, printzipio hori nahikoa barneraturik ez duen irakasle bat ausaz hartutako liburu batetik diktatzen hastea edo ikasleei hainbat problema ebazteko proposatzea, etab., zein maila duten ikusteko. Hainbestetan azpimarratu digute ikasleen abiapuntua zein den jakin behar dela! Ausaz hartutako liburu batetik egindako diktaketak enigma hori argitu ahal izango baligu bezala! Horrez gain, nik, irakasle naizen honek, eskola magistraletan azalpenak ematen aritzeko tentazioa izan dezaket, ikasleek lasterrago egin dezaten aurrera edo ikasleen akatsak saihesteko. Hori egia izango balitz, oraindik ere eskola magistra-la izango litzateke gure oinarrizko elementua, eta ez genuke norberaren erritmoa errespetatuko. Hori ez da normalizatzea. Nire ustez, beste ikuskera edo behar pertsonal batzuen kutsuak dira. Nik onartzen dut, behin baino gehiagotan, niretzat baliozkoagoa zen programaren aurrean anarkia piztu izan zaidala. Gogoan dut behin eskola oso bat erriman eman nuela, errima landu beharrik izan gabe, ikasle guztiak esku hartzera bultzatuz. Eskola dibertigarria izan zen, eta bere ekarpena egin zuen, baina onartzen dut nire ahultasun-momentu baten ondorio izan zela. Hori ezin da luzatu, bestela ikasleengan ondorio kaltegarriak izango lituzke eta.

 

Normalizatzea pixkanaka-pixkanaka testuinguru bakoitza eta testuinguru bakoitzak bere baitan duena ezagutzea da, egoera menderatu ahal izateko. Normalizazio-aldi hori testuinguruz kanpokoak diren beste jarduera batzuk egiten ematen badut, desnormalizatzea baino ez dut lortzen. Ikasleek nondik datozen eta nora doazen ez jakitea eragiten dut horrela.

 

Mintegietan lan egiten badugu, badakigu ziklo bateko programa erabat koordinaturik dagoela aurrekoarekin eta, beraz, testuinguru bakoitza lehenbailehen sartzea da ikasle bakoitzak zer dakien jakiteko eta ikasleek euren egoera normalizatzeko modua: alegia, departamentuko testuinguru bakoitzeko lan-metodoa, baliabideak eta horien erabilera eta zertarakoa ezagutzeko modua.

 

Zenbat eta lehenago hasi testuinguruetan lan egiten, hainbat eta lehenago menderatuko dute egoera eta hainbat eta lehenago jakingo dute horietan moldatzen. Azken batean, horri esaten diogu normalizazioa. Bestela esanda, irakasleen zein ikasleen burua, baliabideak zein jarrera ordenatu izana da normalizazioa.