Indibidualizazioa


Indibidualizazio-printzipioak antolamendu-egitura jakin bat sortzera garamatza, zeinak jarduera jakin batzuk biltzen baititu, pertsona bakoitzari bere mailan eta bere erritmoan, bere gaitasunetatik eta bere egoeratik lan egiteko modua ematen dioten jarduerak, hain zuzen ere.

 

Guk proposatzen dugun egituran testuinguru batzuk biltzen dira, jolasaren pizgarria jasotzen duten testuinguruak, hain zuzen ere. Jarrera hori ezagutzeko eta garatzeko modu bat da, baina lan hori ongi diseinatu behar da. Ahalegina ere ezinbesteko osagaia da, hala gehiago aurreratuko baitu. Era berean, ikasleak egiteko modukoa izan behar du, eta, horretarako, bere maila, gaitasun, potentzial eta erritmora egokitu behar da gauzatzeko orduan.

 

Oso loturik dago desberdintasunaren eta aniztasunaren kontzeptuarekin:

Pertsona guztiak desberdinak gara, adin, historia, nortasun, ikasteko modu, potentzial, erritmo eta abarri dagokienez.

 

Gizakia osotasunean aztertzen du:

 

Osotasunetik soilik ikus daiteke banakotasuna, banakoaren arrastoa, norberaren nortasuna.

 

Metodologia baten bidez gauzatzen da:


Printzipio honetan planteatzen diren ezaugarriak dituen metodologiaren bidez.

 

Banakako esku-hartzea dakar, baina irizpide komunekin:

 

Ikuspegi honek irakasleei kontzeptua barneratzea eskatzen die ezinbestean. Eta, hori lortzen denean, gure burua irizpide komunetatik esku hartzera behartzen dugu, betiere gizabanako bakoitzaren, ikasle bakoitzaren, errealitatera egokiturik. Lan egiteko eta esku hartzeko modu horrekin, desagertu egiten da eskola-porrotaren ideia, banakotasunetik bertatik benetako aurrerapausoa ematen da eta.

 

Banakako jarraipen edo ebaluazioa eskatzen du:

 

Ikasleak eta familiak estandarrarekin zerikusirik ez duen analisi-esparruan sartzen ditu irakasleak. Esparru horretan, taldea dagoeneko ez da hurbileko erreferentzia-taldea. Banakoaren potentzialean eta norberaren nortasunean oinarrituriko ikuspegia eskatzen du.

 

Indibidualizazio-printzipio hori edozein gizabanakori aplika diezaiokegu, baina, gure kasuan, bereziki irakasleei. Zergatik diodan hori? Nik neuk kontzeptua barneratuta nuela uste izan dut, eta, hala ere, agian nire izaera oldartsu eta grinatsuagatik, kostatu egin zait onartzea ideia bat, bikaina iruditzen zaizun ekimen bat, azalduta ere, ez zaiola talde osoari une horretan bertan iristen, beste pertsona baten ideia nigana iristen ez den moduan. Batzuek urteak behar dituzte zerbait berenganatzeko, eta beste batzuek minutu batzuetan lortzen dute.
Esaten ari naizena begien bistakoa irudituko zaizue, baina niri izugarri kostatu zitzaidan horretaz ohartzea, eta, onartzen dut, erabiltzeko orduan oraindik ere ikasten ari naiz: pertsona bakoitza egon daitekeen lekuan dago, eta unea iristen zaionean bereganatuko du. Ideia hori benetan barneratzen eta onartzen badugu eta irakasle, ikasle eta familiekin erabiltzen badugu, bakea ematen digu; izan ere, jardutearen gainetik, izatea bera jartzen dugu.

 

Nire iritziz, banakotasuna pertsonen, taldeen, herrien eta abarren nortasunari loturik dago. Nor egon daiteke horren kontra? Baina, hala ere, praktikan kontraesan ugari ikusten dira. Adibidez: eman dezagun eskola batean “etxerako-lanak” onartzen direla; irakasleak ikasgelako ikasle guztiei ariketa berak ematen badizkie, ordea, kontuan izan al ditu bakoitzaren beharrak? Beste adibide bat: ikastetxe guztiak modu berean ebaluatzen badira edo kanpaina eta proiektu berberetan sartzera bultzatu nahi bazaie, non dago euren nortasunarekiko errespetua? Non dago ikastetxeak bizi duen une zehatzarekiko eta bere historia eta jatorriarekiko errespetua?

 

Nire ustez, horiek dira printzipio horri buruzko gure gogoetaren giltzarriak. Ikusten duzuen moduan, kontzientziatu egiten gaitu, eta jarduteko eta gure egitekoa betetzeko modu jakin batera garamatza. Beste printzipioak errepasatzen ditugunean, ideia batzuk errepikatu egiten direla ikusiko duzue, edo batzuk besteetan oinarritzen direla; izan ere, beti gizabanakoaren inguruan dabiltza. Baina, dena den, bakoitzak ñabardura eta ikuspuntu desberdinak ematen ditu.

 

Agian hemen azaldu behar nuke sozioalizazio-printzipioa, kontrapuntu gisa; hau da, bi ezaugarrik, elkarren artean kontrajarriak eta aldi berean ezin banatuzkoak, bat egiten dutela gizabanakoarengan: banakotasunak eta soziala denak.

 

Ikasleei aplikaturik, printzipio hori saio guztietan agertuko da: ezaugarri metodologikoetan, curriculumean, etab. Horregatik, agian, aski da dokumentua hartu eta bertan agertzen diren gakoak irakurtzearekin. Irakurtzean, bereziki irakasleei aplikatzen saia gaitezen nahiko nuke, koherentziaren kontu hori dela eta. Nola nahi dut ikasleek taldean lan egitea, nik ez badakit edo ez badut nahi taldean lan egin?