Askatasuna


Gure ikuspegitik, indibiduala denaren eta soziala denaren artean mugitzen den biziegoera da askatasuna.

 

Besteen eskubidea urratu gabe gauzatzen da. Hain zuzen, besteen eskubide horrek markatzen du eskolan muga soziala esaten dioguna. Helburuez jardutean esan dizuedan bezala, muga soziala da ikastetxean indarrean dagoen arau bakarra.

 

Ikasleak, esaterako, txiki-txikitatik badaki guneak eta baliabideak ikasle guztiei dagozkiela edo ikasle guztientzat direla, eta, beraz, bereak ere badirela eta erabil ditzakeela. Baina, halaber, pixkanaka-pixkanaka ikasi behar du atzetik datorrenak bere lekuan eta egoerarik hoberenean aurkitzeko eskubidea duela.

 

Gure ikuspegitik, askatasuna pentsatzeko, adierazteko, aukeratzeko eta bakoitza den bezala azaltzeko eskubidea ere bada (betiere beste pertsonak eta gure ingurunea errespetatuz).

 

Gure muga pertsonalak edo sozialak bizitzeko moduak gure askatasuna bortxa dezake. Muga sozialaz eta gizabanako bakoitzaren gaitasun eta garapenei loturiko muga indibidualez jabetzen ikasi behar da.

 

Autoezagutza, norberaren mugak eta gaitasunak ezagutzea eta muga horiek onartu eta gainditu nahi izatea askatasunerako bidea da.

 

Askatasuna mugatzen duten beldur eta barneko zein kanpoko mamuak uxatzea.

 

Izaera kritikoa garatzeak aske izaten laguntzen du, eta alderantziz.

 

Zailtasunei aurre egiteko sormena izateak ere askatasunaren alde egiten du.

 

Dokumentua irakurtzen ari naiz, baina, zuen baimenarekin, azpimarratuko dut askatasuna mugatzen duten beldur eta barneko zein kanpoko mamuak uxatzea, gure loturetatik askatzea, gure hesietatik askatzea, sekulako erronka dela. Egia esan, gutxitan ikusi dut beldurren gaia askatasunaren esparru honetan garaturik, baina ildo horretatik ohar bat edo gogoeta txiki bat egin nahi nuke.

 

Bada denbora beldurren eta mamuen munduaz jabetzen hasi nintzela. Gogoan dut behin niretzat ibilbide miresgarria duen lagun batekin hitz egin nuela horretaz. Esan zidan: “Loli, beldurrak eta mamuak bizitzako aro guztiei dagozkie”. Luze jardun genuen gaiaren inguruan; izan ere, eskolan ohartzen gara txiki-txikitatik ditugula beldurrak: beldurra otsoei, beldurra medikuei, beldurra hildakoei, beldurra mamuei. Gai horiek etengabe errepikatzen dira, eta euren jolasetan agertzen dira. Zortzi urterekin-edo, pertsona maiteak galtzeko beldurra eta lagun-taldearekin, koadrilarekin lotutako beldurrak. Azken horiek izugarri areagotzen dira bederatzi eta hamar urterekin: esamesen beldurra, alde batera utziak izateko beldurra, bizkarra emango dioten beldurra, baztertuak izateko beldurra. Nerabezaroan, berriz, beldur fisiologiko eta sexualak eta bestelako beldur eta desorekak. Helduarora iristean ere, aurreko aroetan bezala, sufritzen jarraitzen dugu. Rolak aldatu egiten dira: seme-alabak edo bikotea galtzeko beldur gara. Maite ditugun pertsonek sufri dezaten beldur. Osasuna galtzeko beldur, lana galtzeko edo lanik ez aurkitzeko beldur. Bakardadearen eta heriotzaren beldur. Onartzen dut duela urte batzuk arte ez nintzela ohartzen hainbeste sufrimendu eta hainbeste min sortzen genuenik.

 

Aurrerago, gaiaz mota askotako kolektiboekin eztabaidatzeko aukera izan dut, eta orain konbentziturik nago izugarri sufritzen dugula buruko mamuak diren gauzengatik, existitzen ez diren eta agian inoiz jazoko ez diren gertaerengatik. Ez dira jazoko, baina dagoeneko sufritu dugu. Gertaera errealak handiesteagatik eta handitzeagatik ere sufritzen dugu. Eta badira ezinbestean sufriaraziko diguten gertaerak ere. Baina zertarako sufritu iritsi arte? Gertaerak, jazo, jazo egiten dira; garrantzitsuena da nola bizi ditugun.

 

Urtetan, ikasturtea amaitu eta Amara Berrin eskolatze-aldia bukatzen zuten ikasleak agurtzerakoan, beti gogorarazten nien non ikasi dudan ez dakidan hauxe: “Beldur horiek eta minez betetzen zaituzteten mamu horiek agertzen direnean edo hartzen zaituztetenean, egin globo handi bat zuen buruan. Sartu bertan pentsamendu horiek guztiak, eta zulatu, lehertu globoa behin eta berriro, ohitura hartzen duzuen eta desagertzen diren arte. Ziurtatzen dizuet zuen askatasunerako bidea eraikitzeko modu bat dela”.

 

Hori azaltzeko beharra izan dut, nire ustez gure garapen pertsonala baldintzatzen duelako, gure pentsamendua hartzen duelako, gure proiektuak geldiarazten dituelako, gure aukeretan eragiten duelako eta ez digulako uzten gure izatetik bertatik adierazten eta azaltzen.

 

Lankidetza-esparru baten barruan gizabanakoak bere buruarekiko duen autoritatea ere bada askatasuna.

 

Askatasuna talde sozialetan gauzatzen da. Taldean elkarrekintzan dagoen elementu bakoitzak norbanakoaren eta taldearen askatasunaren garapena susta edo muga dezake, eta alderantziz.

 

Ikasleekin egindako talde-dinamiketan –gauza bera gertatzen da helduen munduan ere- pertsonen edo taldeen artean arazoren bat sortzen denean edo egoera bat ez atzera ez aurrera dagoenean, ezin dugu oztopotik begiratu, ez gara talde horietako kide eta. Badakigu edozein esku-hartzek, kanpotik eginda ere (hitz edo keinu huts batek), onerako edo txarrerako egoera aldatu egiten duela eta desblokeatu egin dezakeela. Guztia sistemikoa da, eta guztiak eragin egiten digu modu batean edo bestean,
baita horren aurrean esku hartzeak edo ez hartzeak ere.

 

Askatasunik ez dago, bakoitzak nahi duena egitea bezala ulertzen badugu. Horrela ulertutako askatasunik ez izateak ez du esan nahi, ordea, askatasunik ez dagoenik,ikuspegi hori faltsua dela baizik: soziala izatearen ezaugarria baliogabetuko luke, eta inork ezin dio ezaugarri horri ihes egin.

 

Gizabanako bakoitzak badu. Baina askatasun-zatiak irabazi eta galdu ere egin daitezke.

 

Askatasuna marko sistemikotik abiatuta ulertzen da, eta aldaketarako bitarteko edo eragiletzat hartzen da.


Askatasuna aldatzen ari den nortasuna da. Aldaketarako faktore da.

 

Askatasuna beti dinamikoa da. Sortzetik oso gertu dago. Zu birsortzea eta esparru soziala birsortzea da. Ni ez naiz ni bakarrik, elkarrekintzan eta elkarrekiko errespetuan baizik.

 

Askatasuna sortutako beharrekiko (afektiboak, onarpenezkoak, fisikoak, materialak…) mendekotasunik ez izatea ere badela esaten da.

 

Ikuspegi honek gehiago erreparatzen dio behar ez izateari edukitzeari baino.

 

Askatasuna, ebazte hutsaz haratago, heztearekin eta haztearekin loturik dago.

 

Lehen ere esan dizuedan bezala, ezarritako arauak arauan berean eta arau hori betetzean jarrarazten dizu arreta. Arauak ebatz dezake, baina ebaztea eta heztea ez da gauza bera.

 

Beharrak eragiten duen arauak konpromisoa eta ardura sortzen du, baina askatasuna araua baino harantzago doa: gure ingurunea hautemateko eta bestea eta haren egoera sentsibilitatetik abiatuta tratatzeko gonbita egiten digu.

 

Sentiberatasun sozialagatik araua betez, askatasun-maila berriak eskuratzen dira.

 

Askatasuna eragingarritzat eta helburutzat hartzen da.

 

Bulkada da, eta, era berean, bizitzako helburu bihurtzen da.

 

Askatasuna prozesua da eta uneoro gauzatzen da.