Aktibitatea


Printzipio horrek pertsona baten jardunean eta bere egiteko gaitasunean eragiten du.

 

Autonomia sortzen du:

 

“Ikasleek talde edo pertsona gisa beren kabuz egin dezaketen ezer eginda ez ematea irakasleek”. Irakasleei ere aplika dakieke printzipio hori: irakasle bakoitzak egin dezakeena eginda ez ematea koordinatzen duenak, aholkatzen duenak etab.

 

Buru gogotsutzat eta gogoetatsutzat hartzen da:


Buru ernaia, ekimena duena.

Jakin-mina, jakiteko gogoa, aurrera egin nahia etab. dakartza

Ezin daiteke aktibismoarekin edo mugimenduarekin nahasi.

Gogoetarik gabeko ekintza batek egoera bat honda dezake, baita behar bezala konpontzea
eragotzi ere.

 

Aurretikoek ekintzaren kalitatea markatzen dutela ohartzea dakar:

 

Nolabaiteko “bizi- eta emozio-tentsioaz” jardun eta bizitzeak –jarrera ireki, inplikaziozko, ez-utzikeriazko eta hor egotearen jarrera gisa ulertuta- kalitatearen kontzientzia markatzen du, eta horretaz ohartzea dakar printzipio horrek.

 

Beharrak, motibazioak, interesak bultzatuta sortzen da.

 

Pertsona bakoitzak bere buruarengan duen konfiantzari loturik dago. Gogoeta egiteko, erabakiak hartzeko eta jarduteko gaitasunari lotuta. Autoestimuari lotuta.

 

Autoestimu eskasak, pertsonak bere buruarengan konfiantza falta izateak, gogoetarako eta erabakiak hartzeko gaitasuna geldiarazten du. Ekintza geratu egiten du. Jarduera-printzipioak erabat kontrakoa lortu nahi du.

 

Egiteko gaitasuna edo trebatzeko jarrera eskatzen du:

 

Batzuetan, pertsonok, eta, zehazki, irakasleok gure lanbidean konformatu egin gaitezke, gehiago jakin beharrik ez dagoela pentsatuz, edo esanez: nik horretaz ez dakit, eta, beraz, ez dagokit; horrenbestez, bideak eta aukerak ixten dizkiogu geure buruari. Jarduera-printzipioak, berriz, zera esatera garamatza: ez badakit, trebatu egingo naiz. Horregatik, geure buruari eta ikasleei begira egiten dugun esku-hartzean eragiten duen printzipio aktiboa da. Jarrera horretan heztea da, etengabeko bilaketa eta norbere burua hobetze horretan heztea.

 

Helburua zein den garbi jakin behar da:

 

Hortik curriculumaren bigarren fasea garatzearen garrantzia. Horri dagokionez, ez naiz sekula aspertuko behin eta berriz azpimarratzeaz: helburuak garbi izatea, ekintza zabalagoa izan dadin. Hurrengo saioan garatuko dugu.

 

Printzipio horrek, ikuskera horrek, norberaren inplikazioa dakar.

 

Jarduerak mugimendua eragiten du, aritzea:

 

Ekintzan jarrera lasterra. “Mugimendua ibilian erakusten da.”


Zenbat aldiz, biziaren berezko ezaugarri da eta, egin behar dituzun gogoko ez dituzun gauzak: dei soil bat, e-mail bat bidaltzea, norbaitekin elkarrizketa bat izatea, zerbait antolatu edo konpontzea etab. Buruan daukazu, eta zenbat eta geroagorako utzi, orduan eta astunagoa egiten zaizu. Penen antzera, bizkar gainera igo eta konkortu egiten zaituzte. Horregatik esaten dugu: azkartasuna ekintzan. Lehen horren beharrik ez banuen ere, niri asko laguntzen dit mapara jotzeak; planning-az ari naiz. Agendan apuntatzea: halako eguneko halako ordua hau egiteko, beste egun oso hau honetarako… Agendan hustuta bakarrik sentitzen naiz ondo, zamarik gabe, badakit-eta une hori iristean horretan arituko naizela eta beteko dudala.


Norberaren estilotik abiatuta planifikatzeak indartu egiten du:

 

Daukadanaz, nahi dudanaz eta lortu dudanaz jabetzea. Kokatzea, non nagoen konturatzea. Zer falta den eta zer norabidetan jardun behar den ikustea. Kontziente banaiz, modu jakin batean bilatzen eta jarduten dut, neure estrategiak garatuz.

 

Nor bere garapenaren eta jardunaren subjektu edo protagonista da.

 

Azkena esan dudan hori lantzen ari naizen dokumentuan jasorik dago. Hala dela uste dugu, eta hortik abiatuta esku hartzen dugu geure lanean. Hala ere, nire ustez, pertsonak bata bestearengandik hain desberdinak garenez, baita ikasi, adierazi, komunikatu, pentsatu eta jarduteko moduan ere, ez dugu beti zuzenean planifikatzera jo behar. Nire esperientzia azalduko dizuet. Batzuetan gai zehatz hori ezagutzen dut, baina ez naiz konturatzen daukadanaz, nahi dudanaz, nola jardun behar dudan, eta, ondorioz, ezin dut ziurtasun osoz planifikatu. Kasu horretan, estrategia bat erabiltzen dut: gaia hartu eta buruan sartzen dut, nire nahiaren indar guztia jarriz. Badakit bilatzen ari naizena hor dagoela, edo subkontzientean, agian memoria historikoaren kon-tua dela eta. Badakit mugitzen ari dela, baina nik egoten uzten diot, presionatu gabe. Horretaz ez hausnartzen saiatzen naiz. Barruan heltzen ariko balitz bezala da, baina uste osoa dut iritsiko zaidala, aterako dela. Ordenagailuari bilatzeko agindu konplexu bat ematea bezala: sumatzen duzu mugitzen ari dela, barruan bilatzen ari dela, eta, azkenean, pantailan erantzuten dizu. Hemen ere antzeko zerbait gertatzen da. Denbora pasatzen da eta, bat-batean, ez du axola noiz, edozein unetan, berdin egunez zein gauez, jabetu egiten naiz. Bat-batean, ibilbidearen nondik norakoak ikusten ditut, eta jarduteko edo planifikatzeko bihozkada sentitzen dut. Idazten dudanean ere,
poesia mota bat bereziki, antzeko prozesua bizi dut: ez dakit zer daramadan barruan, burrunba antzeko zerbait sentitzen dut, zerbait mugitzen ari dela eta azaleratu nahi duela sumatzen dut. Idazten jartzen naiz kolpe batean, buru-hausgarriaren piezak banan-banan eror-tzen eta bere lekuan jartzen ariko balira bezala. Zoragarria da. Idatzia irakurri, eta orduan jabetzen naiz sentitzen dudanaz, gertatzen zaidanaz.

 

Arrazoibidea, kontzientzia, giltzarri da gure bizitzan, eta horregatik azaldu dut hori guztia. Planifikatzen ikasi eta planifikatu egiten dugu. Bakoitzak bere estilotik abiatuta planifikatzen ikas dezan saiatzen gara, baina, ikuspegi sistemikotik, ezin dugu ahaztu bizitzak, bai gureak bai ikasleenak, egunero harritu gaitzakeela; izan ere, gauza askok eragiten dute: igurikimenek, nahiek, gure zentzumenen kalitateak, gure azalaren hautemateak, gure afektuek, intuizioak eta, batez ere, osotasuna bizitzeko eta hau guztia bideratzeko dugun irekitasunak.

 

Jarduera ahaleginari loturik dago:

 

Ahalegin mentalik gabe, nekez emango da aurrerapausorik. Baina, aldi berean, egiteko moduko ahalegina izan behar da, zeren bestela deskonektatu egiten da, eta horrela planteatutako jarduera ez litzateke baliozkoa izango.

 

Erabilitako metodologiak baldintzatu egiten du eta irakasleek horretan betetzen duten egitekoak eragin zuzena du jardutearen edo aritzearen kalitatean:

 

Helburua ez da motibatzea: helburua jarduerak, jolasak eta testuinguruak ikasleen motibazioekin uztartzea da.

 

Gauzak ez dira eginda ematen. Eginarazi egiten da. Azaleratzea eragiten da, aurrera eginarazten da.

 

Kalitatea sustatzen da kantitatearen gainetik.

 

Ezarritako testuinguruak berak kokatzen ditu ikasleak: lan-metodoak, zertarakoak, baliabideek, garatzen diren ikaskuntzez eta gaitasunez jabetzeak, sortzen diren harremanek etab.

 

Jarduera prozesuala denez, prozesuaren urrats bakoitzean etengabe birkokatzeak, irakasleekin kontrastatzeak, ikaskideekin elkarrekintzan izateak eta kritika sistematikoak beren burua ezagutzea eta aurrera egitea ahalbidetzen die.

 

Irakasleek ikaslearen jardunean jartzen duten igurikimen positiboak (ongi egin dezakeela pentsatzea eta hori transmititzea; emandako aurrerapausoak eta bere mugak eta aukerak ikusaraztea) autoestimua garatzen laguntzen du.

 

Pertsonok jasotzen dugun irudia gara, ematen diguten irudia.

 

Atera da lehen ere “orri zuriaren eta puntu beltzaren” konparazioa: Zer ikusten duzue hemen? “Puntu beltz bat.” Ez, orri zuri bat eta puntu beltz bat.

 

Horixe gara. Horixe da ikasle bakoitza eta hori da aurrean jarri behar diegun ispilua, nolakoak diren ohar daitezen. Puntu bat, bi, bost, zer axola du? Badira puntu beltzak, eta normaltasunez ikusi nahi ditugu, gizatasunez, zeren ez genituzke ikusiko orri zuriaren gainean ez baleude. Gure esku-hartzearen gunea orri zuria izatea nahi dugu, ez puntu beltzak, zalantzarik gabe, ematen diegun irudia izaten bukatzen dute-eta, guk geuk ere ematen diguten irudia izaten buka dezakegun bezala.

 

Pertsona jakin baten jarduera geldiaraz edo galaraz dezakegu, aurreratu egiten bagara eta, emaitzak edo prozesuak lasterrago joanarazi nahian, ebaztera jotzen badugu. Metodologia honen bidez, ordea, zalantzan jartzen da eraginkortasun faltsu hori:

 

– Ebaztea eta heztea ez da gauza bera.
– Ebaztea eta ikastea ez da gauza bera.
– Ematea eta aurkitzea ez da gauza bera.

 

Baliteke dena delako pertsona horrek mugaren batzuk izatea dena delako jarduera horretan, aurretikoak deritzen horiek, jarrerek, eraginda. Aurretikoetan esku hartuz garatuko da.
Curriculumaren hirugarren fasean jardungo dugu horretaz.